Piztu jakinmina topaketak: Euskal Curriculuma

Euskal Curriculumaren gaiak herri gisa eragiten digu: neurri handi batean, hor erabakitzen baita zein begirekin begiratzen diogun munduari, inguratzen gaituen errealitateari; euskal begiekin, edo beste begi batzuekin. Euskal Hezkuntza Sistema propio eta bateraturik ezean, bestelako gaitegiak gailentzen dira, gure errealitatetik kanpo dauden begiradak nagusituz. Jakina, euskal herritarrok beste guztiekin baditugu komunean hainbat elementu. Baina, gurea eta espezifikoa dena lantzeak zerikusi zuzena du gure herriaren etorkizunarekin: zer dakigu gure historiaz, gure literaturaz, gure zientziaz eta gure pentsamenduaz, adibidez? Zenbat dakigu besteenaz eta zenbat gureaz? Zein da gure gizarteak kontsumitzen duen kultura? Zein komunikazio produktu eta kanaletan bizi gara, nagusiki? Zergatik gertatzen ote da hori?

Desoreka batean bizi da gure herria: dakigunak, ikasten dugunak, egiten gaitu garena. Jakiteak, ikasteak, libreago egiten gaitu. Baina, oso handiak dira aurrean ditugun erronkak, herri gisa geure burua indartu, kohesionatu eta normalizatu nahi badugu. Kezkatuta gaude, eta baditugu kezkatzeko motiboak ere. Euskal Curriculuma, horiei guztiei erantzuteko tresna bat da, tresna indartsu eta eraginkorra izan daitekeena. Ez da bakarra, eta gehiago behar dira. Baina, Ikastolek hausnarketa bat egin eta partekatu nahi dute euskal eragile guztiekin.

Guretzat, orain, garrantzitsuak dira bi gauza: herri bezala pentsatzen eta lanean jartzea. Zer da egin eta hobetu behar duguna Euskal Curriculum sendo bat lortzeko? Zer da gu egiten ari garena, zer ondo eta zer ez hain ondo? Zein neurri hartu behar ditugu? Gure kezkak eta zalantzak gure Komunitatean ere mahai-gaineratu nahi ditugu. Ispilu bat jarri benetan egiten ari garenari eta egin beharko genukeenari.

Euskal Curriculum propioa eraikitzeko lanean, aitortza egin nahi diegu bidegile izan diren eragile guztiei. Aldi berean, inoiz baino gehiago, elkarlanerako eta ekimenerako unea dela sinestuta gaude. Gure proiektu osoa jarri nahi dugu ideia horren zerbitzura: nola egingo dugu bidea?