Ekainaren 20an Araba Euskaraz Laudion

Hilabeteetako gorabeheren ondoren, Laudio Ikastolak askotariko programazioa aurkeztu du Araba Euskaraz egunerako. Ekainaren 20an izango da, “Zabal bideak” lelopean.

Erronka bikoitza dute aurrean. Batetik Laudio Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutaraztea eta hauspotzea. Bestetik, berrasmatu eta egun bizi dugun egoerara egokitu behar izan duten Araba Euskaraz eguna bera biziberritu eta indartzea, kasu honetan, ikastolako komunitatearen eta herriko elkarteen eta erakundeen arteko harremanak sakonduz.

Jakin badakite oraingo egoerak ahalegin eta baliabide gehiago eragin dituela, osasun neurriak betearazteko eta horregatik, bertaratzen direnei modu arduratsuan jokatzeko eskaera nagusitu dute. Bi gune handitan banatuko da aurtengo Araba Euskaraz eguna eta bertan antolatu diren ekimenetan parte hartzeko, parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna ahalik eta gehien zaintze aldera, aldez aurretik izena eman beharko da Araba Euskarazen web gunean.

Elkarlanari, ilusioari, kulturari, auzolanari, aniztasunari, parte hartzeari, euskarari, parekidetasunari… bidea zabaldu nahi izan diote euskararen aldeko programa oparo honen bitartez. Adin guztietarako pentsatutako egitaraua prestatu dute, baina bereziki familian gozatzeko eguna izango da eta edukiera mugatua izango du proposatu diren bi gune handi horietan.

Ikusi egitaraua hemen.