Abusu Ikastola arduratuko da 2022ko Ibilaldia antolatzeaz

2021eko Ibilaldia zailtasunak zailtasun, aurrera atera zuten Ander Deuna eta Betiko ikastoletako kideek, Kalaka Lata bukatuta, aurtengo Ikastolen jaiaren balorazioa eskaini dute antolatzaileek eskainitako prentsaurrekoan. Horrez gain, Sopela eta Erandioko ikastolek lekukoa eman diote Bilboko Abusu Ikastolari eta 2022ko Ibilaldiaren leloaren nondik norakoak azaldu dituzte.

2022ko maiatzaren 29an ospatuko da Ibilaldia eta familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna izatea nahi dute antolatzaileek, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz.

Erro, Harri, Har

Leloa komunitateko hainbaten arteko jardun emankor baten ostean erabaki zen eta bakoitzaren ekarpen onena eskatzen du: "Jolasteko gaude, emateko gaude eta zabalik gaude", esan du Abusuko ikastolako lehendakariak. Erro, "sustraiak zaintzen gabiltzalako, harro, errota izandako honetan proiektua errotzeko asmoz"; harri, harria bezain gogor jardungo direlako "euskara eta ikastolaren alde gotortuta", eta har, "harrera herri izan nahi dugulako. Gure herrian zein kanpoan jaiotakoei zabalik egon nahi dugulako, euskara eta ikastola eskainiz", ondorioztatu dute.