Ikaslearen irteera profila

Larramendi Ikastolaren azken helburua seme-alabak helduarorako eta bizitza osorako ondo prestatzea da, beraien bizitza zentzuz eta arduraz gidatzeko, eta bizitza ona eramateko eta ondo bizitzeko gai izan daitezen.
Horretarako berme onena oinarrizko konpetentziak (zehar-konpetentziak eta diziplina-barrukoak) eskuratzea da.

Irudian hiru esparru bereizten dira. Erdigunean oinarrizko bost zehar-konpetentzien aipamena egiten da: ikasten eta pentsatzen ikasi, ekiten eta egiten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi, norbera izaten ikasi eta komunikatzen ikasi.

● Bereiztea komeni da, izan ere, zehar-konpetentzia bakoitza lantzeko berariazko prozedurak daude. Baina bereiztea bezain komenigarria da, ekintzak gauzatzerakoan, zehar-konpetentzia guztien arteko lotura ikustea: zerbait ondo egiteko, era osagarrian, ondo pentsatzen, taldean egiten, komunikatzen eta izaten jakin behar da.

● Zehar-konpetentzien zehar-izaera adierazteko, jira-biran dagoen gurpilaren irudia erabiltzen da. Zehar-konpetentzia bakoitza eta guztiak diziplina-barruko konpetentzien arlo/ikasgaietan eta bizitzako egoeretan uztartuz lantzen dira.

● Bost zehar-konpetentzia horien nukleoan komunikazioa dago. Oinarrizko zeharkonpetentzia guztiek dute zehar-izaera, baina “komunikatzeko” konpetentziak zehar izaera du gainerako zehar-konpetentziekiko. Izan ere, komunikazioaren bidez gauzatzen dira oinarrizko zehar-konpetentziak eta diziplina-barrukoak lortzeko prozesuak.
 

Tarteko esparruan, bizitzako eguneroko egoeren eta diziplina-barruko oinarrizko konpetentzien aipamena egiten da. Oinarrizko zehar-konpetentziak eskolaz kanpoko eguneroko bizitzako era guztietako egoeretan (familia, aisia, lagunartea, komunikabideak…), eta eskola barruko egoera informaletan eta diziplina-barruko egoera formaletan uztartuz lortzen dira. Oinarrizko zehar-konpetentzien lorpena hezkuntza eragile guztien arteko lankidetzaren emaitza da. Diziplina-barruko oinarrizko konpetentzien lorpena, aldiz, irakasleen ardura da. Kanpoko esparruan hezkuntzaren xedearen aipamena egiten da. Hezkuntzaren xedeak lortzeko bidea oinarrizko zehar-konpetentziak eguneroko bizitzako egoeretan eta diziplina-barruko egoeretan uztartzea da.

Informazio gehiago...