Skip to main content

Larramendi Report: Gure ikasleak kazetaritzan murgiltzeko proiektua abian da

komunikazioa sortuta - 2023/03/29
Larramendi Report

Ikastolako ikasleen irteera profilean jasotako hainbat konpetentzia garatzeko aukera ematen digu martxan jarri berri den Junior Report proiektuak, hala nola ikuspuntu kritikodun ikasleak, komunikatzaileak, sortzaileak, autonomoak... DBH3. mailako ikasleek kudeatzen duten aldizkari digitala hurbilagotik ezagutzeko, proiektuaren arduradunak diren Itziar Gabikagogeaskoa eta Mikel Ezkurra elkarrizketatu ditugu.

Nola jaso zenuten proiektua?

Ikasleen komunikaziorako konpetentzia garatzeko proiektu desberdinak aztertzean, Kataluniako Red Proiektua ezagutzeko aukera izan zuen zuzendaritzak. Euskal Herrian eta kanpoan, Katalunian batez ere; komunikazioa, albisteak, informazioa... gelaratzen zuten ikastetxe batzuk zeudela aipatu ziguten. Proiektuaz gehiago jakiteko, bi irakasle eta zuzendaritzako kideak Gasteizko Samaniego Ikastetxera joan ginen eta bertan, kudeatzaileekin hitz egiteko aukera izan genuen, Junior Report-en nondik norakoak sakonago ezagutuz.

Itziar Gabikagogeaskoa: "Hasieratik proiektua interesgarria zela ikusi genuen. Ni kazetaria naiz ikasketaz eta ondorioz, proiektu honek asko motibatu ninduen. Orokorrean, errespetuarekin jaso nuen erronka, berria zen eta".

Eta ikasleek?

Proiektua aurkezteko orduan, Kataluniako arduradunak etorri ziren. Hauek aurkezpena egiteaz gain, ikasleen parte hartze aktiboaren garrantzia azaldu zuten. Gainera, proiekturako ekipoa ere aukeztu zuten, mikrofonoa adibidez. Ondorioz, guzti horrekin, ikasleek bere burua kazetari moduan ikusi zuten eta horrek motibazioa piztu zuen.

Mundu profesionaleko norbait etortzeak ikasleengan eragin handia duela nabaritzen da. Izan ere, Larramendi Report-en argitaratuko dena ez da hemen bakarrik ikusiko eta horrek ikasleen ardura eskatzen du. Hauek proiektuaren pisua eta garrantzia ikusterakoan, seriotasunez hartu zuten lana.

Komunikaziorako konpetentzia zabaltzeaz gain, zein beste abantaila ditu Junior Report-ek?

Ikasleen ikuspuntu kritikoa garatzeko aukera aparta da, bai eta errealitateari aurre egiteko beharrezkoa duten heldutasun maila handitzeko ere. Adibidez, orain dela gutxi Mungiako alkateari egiteko elkarrizketa prestatzen ibili dira eta horrek rol profesional erreal batean kokatzea eskatzen die.

Horrez gain, sormena asko garatzen da, galderak pentsatu behar dituzte, nola egin, ideiak... Informazio-iturrien fidagarritasuna identifikatzea ere proiektuan lantzen den gaitasuna da.

Mikel Ezkurra: "Gauzak zalantzan jartzea heldutasun-prozesuaren parte da".

Ikasleek askotan, gizarteak zilegitzat dituen espazioek beti egia esaten dutela uste dute eta ez dute komunikabide batek adierazitakoa zalantzan jartzen. Proiektu honek, zilegitasuna eta fidagarritasuna lantzeko aukera ematen du, ikasleek argudiatzerakoan, informazio-iturri fidagarrietara jotzeko ohitura garatuko dutelarik.

Ikasleek kazetariaren rolean bete-betean sartu dira. Ezarra izan da lanketa hori?

Lanketa ez da oso erraza izan. Ikasleak autonomia bat behar du eta autonomiarako ezinbesteko baldintza iniziatiba da. Horretarako motibazioa behar da eta proiektuak badauka oso polita eta erakargarria izateko potentziala, baina lurreratze momentu batean dago eta momentuz, eduki dezakeen zuku guzti hori ateratzeko denbora beharko dugu.

Ikastolan horrelako proiektuak lantzea garrantzitsua dela uste duzue? Zergatik?

Bai, proiektuak oso garrantzitsuak dira eta irteera profilean eragina daukate. Ikasle eta pertsona moduan garatzen laguntzen dute. Komunikazioa adibidez, edozein lan esparrutan erabiltzen da eta ikasleek ondo komunikatzen ikastea ezinbestekoa da.

Zer nolako balioa dauka zuentzat Junior Report-en parte hartzeak?

Ikasleekin hitz egiteko edo euren iritziak eta ikaslea bera hobeto ezagutzeko aukera ematen digu proiektuak. Ikaslearen informazio bat ematen dizu, agian espero ez zenuena, baina beste modu batean lortu ezin duzuna.

Ikasleen artean kazetaritza ikasteko interesa nabaritu duzue?

Eguneko albisteak ezagutzeko, debateetarako, hitz egiteko... interes orokorra ikusten da. Kazetaritzaren munduan motibazioa daukate, baina momentuz ez dute bere burua epe luzera kokatzen.