Biharko euskal hezkuntza sistema gaurtik eraikitzen

Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusia amaitu berritan aurkeztu zuten BIHAR, Euskal Hezkuntza Sistemak bere baitan jaso behar dituen oinarrien ENDEKALOGOA. Ikastolen mugimendua osatzen duten 111 ikastoletako ordezkariak bertan zirela, Euskal Herri luze zabaleko hamabost ikastolakideren artean aletu zituzten puntuz-puntu, proposamenaren hamaika oinarriak. Oinarri horiek hiru bloketan banatzen dira:

Oinarrizko printzipioak: unibertsala; euskara eta euskal kultura ardatz dituena; Euskal Curriculumetik eraikia eta Euskal Herria bere osotasunean landuko duena.

Hezkuntzak landu beharreko baloreak: hezkidetzan oinarritua; laikotasunean heziko duena; ikasleak bere egiten dituen ezaugarrietatik pentsatua, eta inklusiboa.

Hezkuntzaren antolaketa: gobernantza demokratikotik antolatua; ikastetxeei autonomia aitortuko diena, eta publiko-herritar eredutik sortua.