30 Herri Urrats txiki

Pandemia egoerak behartuta Senpereko aintziraren inguruan milaka lagun batzea ezinezkoa denez, 30 Herri Urrats txiki ospatuko dira maiatzaren 9an. Horrela azaldu dute Herri Urrats eta Seaskako ordezkariek.

Hogeita hamar Herri Urrats txiki, herriz herri. Aurten ere, Senpereko aintzirak ez ditu Seaskako ikastolen aldeko lagunak eta euskaltzaleak bilduko, baina bultzada horiek bat egingo dute maiatzaren 9an Ipar Euskal Herrian antolatuko diren ekimenetan. Ikastola bakoitzak ibilaldi, janari salmenta edo jantzi salmentaz osaturiko programa antolatu eta komunikatuko du hurrengo egunetan.

Forma ezberdina hartuko du aurtengo Herri Urratsek, baina elkarteko ordezkariek nabarmendu duten bezala, «betiko osagaiak hor izanen dira: euskara, giroa, janaria eta dantza!». Euskal Herriko herritar batzuk ezingo direnez ekimenetara hurbildu, bakoitzak bere tokian Herri Urratsen aldeko keinua egiteko deia ere zabaldu dute. Hots, herriak gonbidatzen dituzte maiatzaren 9an ere topa, kantu, ateraldi edo dantzak proposatzera, bakarrik edota taldeka. Horretarako, Xiberoots taldeak egindako Baga Biga Boga kantuarekin Bernat Etxepare lizeoko ikasleek koreografia sinple bat asmatu dute. Bakoitzak dantzatu eta bideoa bidaltzeko gonbidapena luzatu dute.

Aurtengo Herri Urratseko irabaziak Seaskako bosgarren kolegioa eraikitzeko bideratu behar zituzten, eta egoerari aurrea hartuta Boga kanpaina abiatu zuten. Kanpainak «erantzun biziki ona» izan du. Orain arte, 45.000 euro bildu dituzte; helburua, berriz, 300.000 euro biltzea da.