Skip to main content

Inklusioaren, ekitatearen eta aniztasunaren aldeko konpromisoa indartu dugu Ikastolen 29.Jardunaldi Pedagogikoetan

komunikazioa sortuta -
29.Jardunaldi Pedagogikoa

Arrakastaz ospatu ditugu Ikastolen 29. Jardunaldi Pedagogikoak. Arrakastaz, Euskal Herri luze zabaletik etorritako ia 600 lagun, ikastoletako eta ikastoletatik haragoko hezkuntza profesional, bildu baitira Donostiako Kursaalen, eta ekarpen mamitsuak egin baitituzte jardunaldiotan hitza hartu duten Euskal Herriko eta nazioarteko adituek.

Aniztasuna eta inklusioa  izan ditugu hizpide; elkar lotuta doazen bi kontzeptu: denok ezberdinak  garela adierazten du lehenak, ezberdintasun guztiak (kognitiboak, emozionalak, sozialak, kulturalak, linguistikoak, fisikoak, generokoak edo jatorrikoak) aitortu, baloratu eta errespetatzea ere bada aniztasuna; aniztasun horri  nola erantzun nahi  diogun zehazten duen filosofia eta balioa da bigarrena. Gakoa aniztasuna aberastasun gisa ulertzea da, ospatu beharreko egitate bat, eta ez derrigorrez kudeatu beharreko erronka.

“Bagatoz, inklusiotik ekitatera” goiburua zuten Ikastolen aurtengo Jardunaldi Pedagogikoek eta hezkuntza inklusiboaren eta ekitatezkoaren ikuspegia izan da nagusi, eta gizarte gero eta anitzagoan ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatzeko apustu partekatua azpimarratu da. Jardunaldietan azaldu da inklusioa ez dela helburu estatiko bat, baizik eta etengabeko konpromiso etiko eta pedagogiko sakona, hezkuntza-sistemek aniztasunaren errealitateari erantzun behar diotelako.