Pasar al contenido principal

HAURREN AURREAN, HELDUOK HELDU egitasmoa

Banner_web-1_2.jpg

HAURREN AURREAN, HELDUOK HELDU euskararen erabilera soziala bultzatzeko ariketa antolatu dute.

Euskaltzaleen Topaguneak helduen hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmo praktikoa abiaraziko du azaroaren 22ean, eta abenduaren 5era arte egongo da martxan. Haurren eredu diren nagusien artean euskararen erabilera areagotu nahi dute, etorkizunean hizkuntza-praktika horiek arau bihurtzeko.

Zer da Haurren aurrean, helduak heldu?

Ekimen hau haurraren zuzeneko erreferenteek, (guraso,hezitzaile, senidu, lagun...) beraien arteko hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio ekimena da.

Bi jomuga nagusi ditu:

  1. Umeen erreferente eta gertuko diren helduen arteko hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzea (umeei zuzentzerakoan baino, bereziki eta batez ere, helduak beraien artean hitz egiten dutenean).

      2. Umeen eredu diren helduen euskarazko portaerak bultzatuta, haurrek euskaraz hitz egitea normaltzat hartzea eta hizkuntza portaera hori barneratzea.

Nori dago zuzenduta?

0 – 12 urte bitarteko umeen familia kideak, senideak eta gertuko helduak (gurasoak, senideak, hezitzaileak, zaintzaileak…) izango dira lehentasunezko xede taldea.

Helduak esatean, 16 urtetik gorako herritarrei buruz ari gara, baina, ekimen honekin, helduen arteko hizkuntza portaerek umeengan duten eraginari sakontasun gehiagorekin erreparatzea da asmoa. Izan ere, familia da sozializatzeko lehen taldea eta hori da, gerora, familiaz kanpoko harremanetarako umeen oinarria.

Zein da ekimenaren helburua?

Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu eta herritarren praktiketan integratzea da ariketaren helburua, arau sozial bihur daitezen.

“Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartu nahi du ariketak.

Hiru dira arau horren oinarri nagusiak:

  1. Solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egiten dugu (euskaldunak euskaldunari euskaraz).
  2. Lehen hitzak euskaraz egiten ditugu. Ezezagunekin zein euskaraz ulertzen duten ezagunekin.
  3. Kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badigu euskarari eusten diogu, baita elkarrizketa elebidunetan ere.