GURE HEZKUNTZA EREDUA
Ikastolen hezkuntza-eredutik abiatuta, Larramendi Ikastolak proiektu pedagogiko propio, berritzaile eta aitzindaria eraiki du, 0-18 urte arteko ibilbidean, norabide pedagogiko berbera mantenduz.
Konpetentzietan oinarritutako ereduaren bidez, bizitzan aurki ditzaketen egoera ezberdinei aurre egiteko gaitasunak izango dituzten pertsonak hezten ditugu: galderak egiteko, irizpide propioa eraikitzeko, besteekin lan egiteko eta egoera berrien aurrean erabakiak hartzeko gai direnak.
Ikaslea da gure hezkuntza-proiektuaren ardatza, eta bere adinari, erritmoari eta beharrei erantzunez, pixkanaka, autonomia, konfiantza eta ikaskuntza prozesuaren gaineko ardura garatzeko aukera eskaintzen dizkiogu.
NOLA IKASTEN DU IKASLEAK?
Ikasketa prozesua ikaslearen parte-hartze aktiboaren bidez gauzatzen da: galderak egiten dituenean, informazioa bilatzen duenean, ideiak lotzen dituenean, besteekin kontrastatzen duenean eta ikasitakoa egoera berrietara transferitzen duenean.
Horregatik, erantzun zuzenetara iristea bezain garrantzitsua da pentsatzeko, probatzeko, zalantzan jartzeko, huts egiteko, berriro saiatzeko eta ondorio propioak eraikitzeko aukera izatea. Larramendi Ikastola lau oinarrizko ardatzen gainean eraikitzen dugu.
Pentsatu eta galderak egiten ditugu, informazioa ulertu, kontrastatu eta irizpide propioa garatzeko.
Probatu eta esperimentatu egiten dugu, ikasitakoa egoera, proiektu eta erronka desberdinetan erabiltzeko.
Elkarrekin ikasten dugu, besteen ideiak entzun, ekarpenak egin eta taldean eraikitzeko.
Autonomia garatzen dugu, ikasleak bere ikaskuntza-prozesuan gero eta ardura handiagoa har dezan.
NOLA LAGUNTZEN DIEGU?
Ikasleak irakaslea du bidelagun
Bera ezagutzen du, erronkak proposatzen dizkio, laguntza eskaintzen dio eta bere ibilbidearen jarraipena egiten du. Eta aldi berean, iraksleen arteko elkarlanak eta etapen arteko norabide pedagogikoak koherentzia ematen diote proiektuari.
Horregatik, prestakuntza, hausnarketa pedagogikoa, koordinazioa eta talde-lana gure hezkuntza-proiektuaren funtsezko ezaugarriak dira.
NOLA EGITEN DUTE AURRERA?
0-18: Norabide bera, ibilbide ezberdinak
Haur Eskolatik Batxilergora, etapa bakoitzak bere erritmoak, beharrak eta erronkak ditu. Baina guztiek partekatzen dute hezkuntza ulertzeko modu bera.
0-18 urte arteko ibilbideak, gainera, ikasle epe luzera ezagutzeko, etapen arteko trantsizioei koherentzia emateko eta bere bilakaera modu jarraituan laguntzeko aukera ematen digu.
Hazten den heinean, ikaslearen protagonismoa, autonomia eta erantzukizuna ere hazten dira. Eta etapa bakoitzean, aurretik eraikitakoa osatzen jarraitzen dugu.
Ebaluazioa, ikasketa prozesuaren erdigunean
Ebaluazioa ikasleari non dagoen, zer ikasi duen eta zer urrats egin behar duen laguntzeko tresna da. Horregatik, ikaskuntza-prozesuan zehar behatu, informazioa bildu, feedbacka eskaini eta ikaslea bere bilakaeraren kontziente izaten laguntzen dugu.
Ezagutu 0-18 hezkuntza ibilbidea
NOLA EGUNERATZEN DA PROIEKTUA?
Gizarte etengabe eraldatzen da, ikasleen beharrak eta ikasteko moduak bezalaxe.
Eta horrek, gure praktika pedagogikoa etengabe aztertzera, kontrastatzera eta eguneratzera eramaten gaitu. Metodologia berriak, teknologia, espazioen eraldaketa edota baliabide berriak erabiltzen ditugu ikasleen ikaskuntza eta garapena hobetzeko.
Berrikuntza, beraz, eguneroko praktikan gauzatzen da: irakasleek proposatutako jardueretan, ikasleen parte-hartzean, espazioen erabileran eta ikasitakoaren aplikazioan.
NOLA GAUZATZEN DA EGUNEROKOAN?
Larramendi Ikastolako hezkuntza-eredua hainbat proiektu, plan eta lan-ildoren bidez gauzatzen dugu egunerokoan, ikasleen garapenari, hizkuntzei, bizikidetzari, inklusioari, jasangarritasunari eta gaur egungo erronkei erantzuteko.
Bizikidetza
Elkarbizitzen, zaintzen eta gatazkak kudeatzen ikasteko.
Eskola Inklusiboa
Guztion ongizatea, parte-hartzea eta ikaskuntza bermatzeko.