Skip to main content

Zenbaketarako estrategiak lantzen

komunikazioa sortuta - 2022/02/21
zenbaketa

Zenbakien seriea errezitatzea da gure ikasleek zenbakien munduarekin duten lehengo harremanetako bat. Baina seriea errezitatzen ikastea ez da dirudien bezain erraza. Agian 1 zenbakitik gora eta 1 zenbakitik abiatuta zenbatzea erraza izango da, baina zenbaki jakin baten atzeko edo aurreko zenbakia esaten saiatzean, edo beheranzko noranzkoan kontatzea, ez da horren erraza.

Aipatutako zailtasun hau hobeto ulertzeko, adibide bat jarriko dizuet:

Errezitatu alfabetoa Atik Zra. Oso erraza. Baina adibidez, Jren aurretik zein hizki dagoen galdetzen badizuet, hau estrategiaren bat erabili gabe erantzuteko kapazak izango ginateke? Batzuen estrategia hau izango da: H-I-J, Jren aurretik dagoen hizkia I da, beste batzuena hau: F-G-H-I-J, etab. Bakoitzak bere estrategiak ditu eta hauek, alfabeto osoa errezitatu behar ez izatea ahalbidetzen digute, erantzuna azkarrago lortuz.

Zenbakien serieak errezitatzeko estrategiak lantzeko koloretako boladun lepokoak erabiltzen ari dira LHko ikasleak. Kolore multzo bakoitzak 5 bola ditu eta estrategia horiek landuz, 14 zenbakia identifikatzeko adibidez, zerrenda osoa errezitatu behar ez izatea lantzen dute. Batzuk 5-10-11-12-13-14 egingo dute, beste batzuk zuzenean 10etik abiatu eta 10-11-12-13-14 eta beste batzuk 15a identifikatu eta zenbaki bat atzera egingo dute 5-10-15-14.

Ariketa hauek eginez, egunerokotasunean erabilgarriak diren estrategiak bereganatzen dituzte gure ikasleek.