Skip to main content

Izaro Bilbaok irabazi du Bizkaiko eskolarteko txapela

komunikazioa sortuta - 2022/05/30
eskolartekoa

Bizkaiko eskolarteko bertso idatzien finala eta bat-bateko sariketaren finala jokatu ziren larunbat goizean Larrabetzun. Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimena da eskolartekoa.

Goizean, 10:00etan hasi zen bertso idatzien finala. Ia 200 gazte elkartu ziren Larrabetzuko eskolan. LH5etik batxilergora arte, mailaka jokatu zen idatzizkoa. LH6ko idatzizko txapelketako 2.saria Larramendi ikastolako Emile Zabala ikasleak jaso zuen.

Ostean, bat-bateko finala jokatu zen 11:30ean eskolako patioan. Aurten 21 parte hartzaile egon dira bat-bateko txapelketan eta hiru kanporaketa jokatu ziren. Horietatik zortzi heldu ziren finalera eta June Diaz eta Izaro Bilbao izan ziren buruz-burukora sailkatu ziren bertsolari biak. Egin beharreko lan egin eta ostean, Larramendi ikastolako 2.batxilergoko ikaslea den Izaro Bilbaok batu zituen puntu gehien, eta beraz, 2022ko Bizkaiko eskolarteko txapela lortu zuen. Txapela Etxahun Lekue bertsolariak jarri zion txapeldunari.

Zorionak bikote!