Gazteek ikasturtean zehar landutako 200 proiektu egon dira ikusgai asteburuan ospatu den Elhuyar Zientzia Azokaren 10.edizioan.
DBH1eko ikasleak Landareak Artizarrean eta Zubiak proiektuen inguruan egindako ikerketak plazaratu dituzte aurreko asteburuan Bilboko Areatzan ospatutako Elhuyar Zientzia Azokan.
Ostegunean hasi eta igandea bitarte, gazteek ikasturtean landutako 200 STEAM proiektu ikusteko aukera izan dute Bilboko Areatzan, baita tailerrak, esperimentuak eta zientzi-ikuskizunak ere. Guztira, 12-18 urte bitarteko 500 gaztek hartu dute parte aurtengo azokan. Azokak berak 10 urte bete ditu, eta Elhuyarren 50. urteurrenaren ospakizunen artean egin da.
Larramendi ikastolako DBH1eko ikasleak bertan egon dira eta eurekin hitz egiteko aukera izan dugu:
Zer moduz Zientzia Azokan? Nolakoa izan da esperientzia?
Oso ondo, giro ederra egon da. Jende asko ibili da Areatza inguruan gu bertan egon garen tartean. Atzerriko turistak ere hurbildu dira.
Esperientzia oso aberasgarria izan da, errepikatzeko modukoa. Orokorrean jende askorekin kontaktatzeko aukera izan dugu. Gure etxolara esaterako jende nahikotxo hurbildu da eta proiektuaren inguruan hitz egiteko aukera izan dugu. Galdera asko egin dizkigute bertaratutakoek. Familiak ere hurbildu dira eta kasu horretan azalpena moldatu behar izan dugu, ez delako berdina guraso bati azaltzea edo ume bati. Horretaz gain, beste zentro batzuetako ikasleak ezagutu eta eurekin hitz egiteko aukera ere izan dugu.
Zein proiektu aurkeztu duzue?
Bi proiektu landu ditugu: Landareak Artizarran eta Paperezko zubia.
Lehenengoari dagokionez, landareak Artizarran nola hazten diren ikertu nahi izan dugu, bertako kondizioak kontutan hartuta. Ikerketa dilistekin egitea erabaki genuen, arin hazten den landare bat delako. Bi simulazio egin ditugu, Artizarran bi kondizio daudelako: euri azidoa egiten du eta urte erdian gaua da. Proiektua garatzen joan garen heinean, landareak euri azidoarekin gaixorik hazten direla ondorioztatu dugu. Gatz gutxiko lurrean landare gutxi batzuk hazi ziren, gatz askokoan ordea bat ere ez. Ilunetan bai hazten dira baina ezin dute fontosintesia egin eta hil egin ziren. Hau jakinda, bertan landatzeko unerik egokiena eguna den urte sasoia izango litzateke, eta sasoi horretan euri gutxi egitea.
Paperezko zubiak egiteko, paperezko hodiak egin genituen, zubiaren egitura bezala. Egitura triangulardun zubia egitea erabaki genuen, pisua hobeto zabaltzeko. 20 kilo eustea lortu dugu!
Nola okurritu zitzaizuen bi proiektu hauek lantzea?
The Martian pelikula ikusi genuen ikastolan eta hortik bururatu zitzaigun ideia. Martera egindako misio batetan oinarritzen da pelikula. Ekaitz batek harrapatu eta euretariko bat desagertu egiten da. Lagunek hiltzat ematen dute eta bera gabe bueltatzea erabakitzen dute. Baina bera bizirik dago, bakarrik eta baliabide gabe. Bizirik irauteko patata landatzen du. Hortik hartu genuen ideia baina patatekin egin beharrean dilistekin egitea erabaki genuen.
Teknologia ikasgaian zubien proiektua landu genuen. Estruktura mota eta materialaren arabera ezaugarri ezberdinetako zubiak eraikitzen aritu gara. Bertan egindako zubiak hobetu eta Zientzia Azokara aurkeztea erabaki genuen.
Zuen etxolatik pasatu direnek galdera asko egin dizkizute?
Galdera batzuk asko errepikatu dira: zein lur mota erabili dugun, zein materialekin eraiki dugun zubia, lurraren tenperatura. Ikastolari buruzko galderak ere egin dizkigute eta ea Larramendi nor zen ere galdetu digute. Batzuetan gaztelera hitz egin digute eta azalpena ere gaztelerara moldatu dugu. Gizon bati Landareak Artizarran proiektua azaltzen hasi garenean, Venus esan eta Mecano taldearen abesti bat kantatzen hasi zaigu. Aurkeztutako lana zein proiekturen baitan garatu dugun ere galdetu digute, zein mailatako ikasleak garen, etab. 12-18 urte bitarteko ikasleei zuzenduta egon denez, gu izan gara gazteenak.
Zein izan da prozedura?
Zientzia Azokara joatea borondatezkoa izan da. Asteburuan ospatuko zela jakitean, ikaskide batzuk atzera egin zuten beste konpromiso batzuk zituztelako. Lana aurkeztu aurreko egunetan, jolastorduetan ere lan egin behar izan dugu, proiektua garaiz bukatzeko. Irakasleen partetik ere laguntza handia izan dugu.
Azokaren web gunearen bidez aurkeztu genuen lana, azalpen bideo batek lagunduta. Aurkeztutako lanen artean, proiekturik interesgarrienak aukeratu zituzten eta ikastolatik aurkeztutako bi proiektuak Zientzia Azokan erakusteko aukera izan dugu.
Beste etxoletatik pasatzeko aukera izan duzue?
Talde bakoitza bi orduz egon gara gure etxolan baina txandak egin ditugu gainontzeko lanak ikusten joateko.
Euretariko bat oso interesgarria iruditu zaigu: txori baten argazkia kamera baten aurrean jarri eta txori horren soinua simulatzen du.
Covidarekin lotutako proiektu batzuk ere egon dira: pandemiak osasunean eragindako kaltea azaltzeko, birikien maketa bat egon da ikusgai.
Proiektuen aurkezpenaz gain, zientzia ginkana, antzezlan eta ikuskizunen bat ere egon dira. Hauetan parte hartzeko aukerarik izan duzue?
Ginkanan hartu dugu parte. Aplikazio baten bidez pistak eskuratu eta ibilbide bat osatu behar izan dugu.
Etorkizunean ikerketa arloan lan egitea gustatuko litzaizueke?
Oraindik ez dugu argi baina biologia eta teknologia arloa asko gustatzen zaizkigu.