Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusian esan zen bezala, eman eta jasotzen den altxorra da elkartasunarena. Eta itzultzen dena ere bai, jasotzen duena bere proiektua aurrera ateraz itzultzen baitu jasotako elkartasuna.
Zortzirehun mila euro inguru banatu ziren abenduaren 1eko Batzar Nagusian, eskaera egin zuten zortzi ikastolen artean. Hauek izan ziren Euskal Herriko 113 ikastolen Elkartasun Kutxan aurten jarri duten diruari esker 2023.urtean laguntza jasoko duten ikastolak: Senpereko Kolegioa, Kanboko Ikastolen Etxea, Tuterako Argia ikastola, Lodosako Ibaialde ikastola, Argantzon ikastpña. Bastida Ikastola, Bilboko Harrobia Ikastola eta Hernaniko Aratz ikastola.
Elkartasun Kutxa 1992an sortu zuten ikastolek, euren artean beharrik handiena zutenei laguntzeko. Urteetan egindako jardun hori elkarte bihurtzea erabaki zuten, eta 2012.urtean sortu zuten Elkartasun ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea. Hamar urte horietan, zazpi milio eta erdi euro inguru banatu dituzte Elkartasun ikastolek. Eta Elkartasun Kutxa sortu genuenetik, 1992 hartatik, berriz, hemezortzi milioi eurotik gora.