Kilometroak 23 jaiak, urriko lehen igandean egingo den jaiaren aurretik, ekitaldi ugari eta askotarikoak izango ditu, Euskal Herri osora begiradakoak horietako hainbat; Berriarekin elkarlanean `Euskaldunon Egunkaria´-ren itxieraren 20.urtemuga oroituko da, eta Euskaltzaindiarekin batera euskara batuaren sortzaileei egingo zaie gorazarre.
Ikastolen aldeko hatsa, egiteko modua, urte osoan bizirik izango duten ekitaldiak sustatu nahi dira orain Kilometroak jaiaren barruan, Euskal Herri osora begirako ekitaldiei ere tokia eginda. Egiteko modu berri hori gogoan hartuta antolatu du Orereta Ikastolak 2023ko Kilometroak jaiaren urteko egitaraua, `Erriola´ leloak zedarritutako bideetan, eta lanerako hiru zutoin nagusi hartuta: "Komunitatea, euskara, eta errelatoaren bidez egindako eskertza".
Urriaren 1a bitarte, askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Imanol Muria Uriak idatzitako `Egunero behar genuen´ liburuaren aurkezpena, Jon Maia bertsolariaren `Kantu bat gara´ ikuskizuna eta Urmuga proposamenaren barruan egindako kontzertua besteak beste.
`Euskararen errioa´
Kilometroak 23ko beste berezitasun bat `Euskararen errioa´ izango da. Txanponak biltzea izango da egitasmoaren helburua. Kalkulua egin dute antolatzaileek; kilometro batean, euro bateko 50.000 txanpon sartzen dira. Erronka izango da, beraz, txanpon horiek guztiak biltzea, gero horiek euskararen sustapenerako egitasmoetarako bideratzeko. Ahal dela, Guiness Liburura ere eraman nahi dute erronka.