Azaroaren 29an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean onartu zen Hezkuntza Lege proiektuaren txostenaren balorazioa egin du Ikastolen Elkarteak agerraldi batean.
Ikastolen Elkartearen hitzetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hezkuntza lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, “aukera galdua” izango da.
Azaroaren 29an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean onartu zen Hezkuntza Lege proiektuaren txostenaren balorazioa egin du Ikastolen Elkarteak agerraldi batean, Ikastolen Etxean. Ikastolen Elkarteko presidente Nekane Artolak eta zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak hartu dute hitza.
Elkarteak gogorarazi duenez, “bi urte luze ibili gara hezkuntza legearen inguruan gogoetatzen, eztabaidatzen, biltzen…”. “Galdu ezinezko aukera baten moduan irudikatu zuten prozesua”, onartu du. “Edozein herrirentzat estrategikoa den gai baten da hau, datozen belaunaldien etorkizuna baldintzatuko duena”, nabarmendu duenez.
Zentzu horretan, 2022ko apirileko Hezkuntza akordioak “itxaropenerako bidea” ireki zuela uste dute ikastolek, alderdien artean “zerbait berria” eraikitzeko borondatea bazegoela sinistu zuten.
Hala ere, “bidea luzea izan da, eta ausardiak indarra galdu duela uste dugu”, deitoratu dute. “Aurrerapausoak eman beharrean, gainera, zenbait gaitan geldirik geratu edo atzeraka joan garela uste dugu”, erantsi dutenez.
Atzerapauso horien artean, murgiltze eredu orokortua lortzeko “zehaztasunik ez eta berriro ere hizkuntza ereduak” jaso direla aipatu du Ikastolen Elkarteak. “Hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen eta horiek gaindituko dituen eredua behar dugu oinarri”, aldarrikatu du. Horregatik, “Euskal Herriko ikastoletan murgiltze eredua ezarrita dugu, berau delako ondorengo belaunaldiak euskalduntzeko bidean emaitza onenak ematen dituen eredua”, berretsi dute.
Ikaskuntza-hizkuntza guztien izaera bideratzailea aipatzen duen xedapen gehigarriak ere kezka sortu dio elkarteari. “Euskara hizkuntza minorizatua dela, eta egoera horretan ezin dira hizkuntza guztiak era parekatuan tratatu, berdin tratatzeak minorizatua den hizkuntza baztertzea, diglosia betikotzea, baitakar”, kritikatu du.
Bestalde, elkartearen ahotan, hezkuntza zerbitzu publikoaren inguruan “zehaztapen sakonagoa falta da”. “Hala, ez da bermatzen hezkuntza zerbitzu publikoaren barruan egongo diren ikastetxe guztiak baldintza beretan arituko direla. Honetaz gain, Zerbitzuaren parte izango diren ikastetxeen betebeharrak ez dira zehaztasunez aipatzen. Eta honek publiko-pribatu dikotomia betikotzeko arriskua sortzen du”, azpimarratu du.
Azkenik, Euskal Herria hiru administrazio desberdinen pean dagoela jakinik, Ikastolen Elkarteak beharrezko ikusten du lurraldeen arteko harremanak eta lankidetzak sustatzeko “legez araututako tresnak sortzea”. Horregatik, “ulergaitza” egin zaio euskal hezkuntza zerbitzuaren parte diren ikastetxeen eta Euskal Herriko gainerako lurraldeetan euskara eta euskal kultura ardatz duten ikastetxeen arteko harremanak eta proiektuak sustatzeari edota elkarlana bultzatzeko asmoz “Europa mailako partzuergoa eratzeko proposamenari ateak itxi izana”.