Skip to main content

Eskola Jasangarria ziurtagiria jaso dugu Urdaibaiko Ekoetxean

komunikazioa sortuta -
LHko ikasleek jaso dute ziurtagiria.

Maiatzean jakinarazi bezala, Larramendi Ikastolan Eskola Jasangarria ziurtagiria lortu dugu, jasangarritasunaren eta 2030 Eskola Agendaren baitan urteetan egindako ibilbidearen aitortza. Aste honetan, hilare 16an, egin da aitortza-ekitaldia, eta bertan izan da LHko ikasle eta irakasleek osatutako ordezkaritza.

Eskola Jasangarriaren XIX. edizioko ziurtagiriak entregatzeko ekitaldia Urdaibaiko Ekoetxean egin da, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuaren gidaritzapean, eta Euskadiko hiru ikastetxek jaso dugu aitortza: Mungiako Larramendi Ikastolak, Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeak eta Gasteizko Nuestra Señora de las Mercedes ikastetxeak.

Larramendi Ikastolaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak bereziki nabarmendu du gure ikastolako berdeguneak hezkuntza-baliabide gisa erabiltzeko egiten dugun lana. Urmaela, baratzea eta lorategiak zainduz, ikasleek jasangarritasuna gertuko errealitatetik eta modu praktikoan lantzen dute. Horren adibide da “Urmaela gaixorik dago?” esperientzia, urmaelearen egoera abiapuntu hartuta, arazo ekologiko bat ikertu eta lantzeko garatutakoa.

Aitortza honek orain arte egindako bidea balioan jartzen du, eta jasangarritasuna ikastolako egunerokoan lantzen jarraitzeko bultzada ere bada.