Sare Cadaval Fleming ikasleak Jordi Sierra i Fabra saria irabazi du: "Jordi Sierrak, telefonoaren beste aldetik, saria irabazi nuela esan zidanean, ezin nuen sinetsi"
Hilabete luzez jardun du lanean Sare Cadaval Flemingek (Mungia, 2007) `El canto del abismo´ eleberria idazten. Gazteentzako Jordi Sierra i Fabra literatura sarira aurkeztu zuen lana, eta pasa den astean jakinarazi zioten 17.aldiko irabazlea dela.
Zorionak Sare! Nola jaso duzu albistea?
Eskerrik asko. Pasa den asteazkenean eman zidaten berria. Eskolaz kanpoko ekintza batean nengoen, eta irakasleak kanpora irtetzeko eskatu zidan. Gurasoak ikusi nituenean, txarrena pentsatu nuen. Nire sakeleko telefonoa eskainiz, nirekin hitz egin nahi zuen norbait zegoela esan zidaten. Ez nuen ezer ulertzen. Sakelekoa hartzerakoan, gizon baten ahotsa entzun nuen, eta hau esan zidan: "Soy Jordi Sierra i Fabra. Te llamo para decirte que estoy reunido con el jurado del concurso, y que, por unanimidad, eres la ganadora de esta edición". Zer esan ez nekiela geratu nintzen; ez nuen espero. Epaile guztiekin hitz egiteko aukera izan nuen momentu hartan, eta nire lana saritzearen arrazoiak azaldu zizkidaten: "Trepidante fantasía épica con un mundo muy original y unos personajes sólidos y bien construidos".
"Saria irabazten duen lehen euskalduna izan naiz, gazteena eta aho batez erabakitako lehen lana izan da nirea."
Nola animatu zinen aurkeztera?
Nire nebaren lagun baten aita idazlea da (Larramendiko gurasoa), SM editorialarekin liburu bat argitaratu du. Aitak behin baino gehiagotan komentatu dio idaztea asko gustatzen zaidala, eta nire lanen bat bidaltzeko eskatu zidan. Eleberri honen lehenengo kapitulua bidali nion. Oso ondo zegoela esan zidan, eta nire lanen bat publikatzea gustatuko litzaidakela esan nion. Lehiaketetara aurkeztea gomendatu zidan, Jordi Sierra i Fabra lehiaketaren berri emanez. Eta horrela animatu nintzen.
Epaimahaiak esan du fantasia epiko bizia, oso mundu originala eta pertsonaia sendo eta ondo eraikiak dituen eleberria dela. Zertan oinarritu zara? Gustuko duzun idazleren batean akaso?
Zientzia fikziozko eta fantasiazko liburu asko irakurtzen ditut, baina inguratzen nauenetik inspiratzen naiz gehien bat. Munduak sortzeko inguruan ditudan paisaiak hartzen ditut oinarritzat. Pertsonaien kasuan, zutaz asko usten duzu liburuan. Gero eta gehiago ari naiz konturatzen bi pertsonaia nagusienak nire oso antzekoak direla. Pertsonalitate propioa dute baina nigandik eta hurbileko jendearengandik hartzen ditut ezaugarriak. Ezaugarri txikiek egiten dituzte pertsonaiak erakargarri. Detaile txiki horiek dira pertsonok ere berezi egiten gaituena. Horrek egiten du pertsonaia bat gustatzea eta horrekin identifikatuta sentitzea.
Brandon Sanderson, Victoria Shawad, Laura Gallego idazleak oso gogoko ditut.
Zein da horrelako lan bat idazteko prozesua?
Ordenagailuaren aurrean jarri eta eleberria idazteko hiru hilabete inguru behar izan ditut, beste bi editatzeko. Baina horren aurretik dagoen lanketa luzeagoa da. Hilabete luzez egon zaitezke ideiak eta ideiak idazten, momentu batean zerbaitek klik egin arte. Orduan has zaitezke lana garatzen. Baina ideiak bateratu arte, hilabeteak edo urteak pasatu ahal dira.
Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Aitak txikitatik jarri dizkit fikziozko serieak, pelikulak, eta gauero irakurtzen zidan zeozer. Egun batean, nire gauzak kontatu eta sortzeko gogoa izan nuen. Txikitatik gustatu zait idaztea.
Honetara dedikatzea gustatuko litzaizuke?
Orain zaletasuna da, baina idaztea niretzat oso garrantzitsua da. Agian ez profesionalki, oso zaila delako nahita honetara dedikatzea. Baina sortea baldin badaukat eta honetaz bizitzeko aukera eskainten badidate, zergatik ez.
"Ez dut behartuta idatzi nahi, bestela gorrotatzen amaitzen duzu."
Hilabete batzuk barru emango dizute saria eta bertan zure lana aurkeztuko da, zer aurkituko du irakurleak?
Hori da, bai: saria behin liburua publikatuta dagoenean emango didate.
Fantasia mundu bat da, ez da gure plano berdina. Mundu hori bitan bananduta dago, iluntasunagatik eta errege martzur bat bizi da bertan. Bere lanean onena den pirata bati, iluntasun hori gurutzatu eta bizirik bueltatzea proposatzen dio erregeak. Horrekin, herriari frogatu nahi dio bera dela boteretsuena, berak duela kontrola.
Nobela hau gazteleraz dago idatzita, beste hizkuntzaren batean idazten duzu?
Momentuz gazteleraz baino ez dut idatzi. Asko pentsatu dut horretan, baina euskaraz idaztera ez nago horren ohituta. Hala ere, egunen batean, beste hizkuntza batean idazteko saiakera egin nahi dut.
Idatzi duzun bigarren eleberria da hau; hirugarren lan bat egongo da?
Idazten hasten zarenean, beti zaude idazten. Orain eleberri hau editatzen nabil baina beti ateratzen dituzu hamar minutu zerbait idazteko, ideia berriak idazteko. Baina ideiak bateratu eta lehen esandako klik hori gertatzea falta da.